XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hori ez da zuzenki guri axola zaiguna, beste hau baino: bitartean, bata bestearen eskutik, berriro aldatuak direla, bai errealitatearen kontzeptua (1), bai ezagutzaren/arrazoimenaren kontzeptua (2), eta bai Ni edo kontzientziarena.

Hona adibide bat: maiteminduak larrosa bat eman dio maiteari.

Denok ulertzen dugu esanahia (gure kulturan!).

Hori adieraz daiteke, egin den bezalaxe, protokolo esaldi deskribatzaile hutsetan, eta botaniko batek edo kimiko batek larrosa eta ekintza nahi adina aztertu arren gero, datu fisikoetan ez dute ezer aurkituko kulturak erraz aurkitzen duen errealitate sinbolikoaren korrespondentziakorik.

(Horrelako zerbait gertatzen da, herri-primitiboen errito barregarriak deskribapen edo filmapen itxuraz oso objektiboetan erakusten zaizkigunean).

Ikusi duguna erreala izan da haatik, edozeinek ikusteko efektu fisiko ageriak izan dituena (maitea keinuka hasi da hunkiturik, barrez, begiak lore-lore, etc.).

Baina, bigarren, eduki du eduki efektu horixe, fisiko soilaz gain ekintza horrek izari edo errealitate estetikoa zuelako, fisikoa bezain zinezkoa gizakiaren errealitatean (eta gizakiarena beste errealitate esangarririk edo ulegarririk ez dago).

Are, fisiko eta estetikoaz gain, hirugarrengo, errealitate morala datxeko maitalearen ekintza limurtzaileari eta efektuek ere badute esangura moralik.

Alegia, mundu fisikoan bertan gizon-emakumearen unibertsoa ez da fisiko material hori bere soiltasunean bakarrik, mundu objektiboa esaten dioguna hortxe bere aurrekotasun biluzgorrian: mendien sublimea haien fisika bezain erreala da!

Hots, gutxienez Kantez gero garbi egon behar zukeen: (a) gizon-emakumearen aurrean ez dago gauzen azken errealitate bakunik, eta (b) gauzen aurrean ez giza arrazoimenaren beraren azken tipo bakarrik (arrazoimen tipo ezberdinen teorikoa, estetikoa, etikoa bat izatea ez da faktikoa).

Edo, baldin holakorik egon badago, ez dago giza esperientziaren eskuramenean, kontrolpean, noumenoaren erreinua da.